Jon Markel Ormazabal

Musikaria

Baga. Mikel hil dela. Telefonoz jaso dugu notizia, ziegetara itzultzear geundelarik. Eta burdinezko atarian, maiz jarri ohi duen kasetea eskatu diot alboko ziegako kideari. 60ak + 2. Lehen akorde soinuekin hasi naiz azken martxa honen lehen notak zirriborratzen. Patioa elurretan da. Eta eguzkiak ez du urtzen han goian, teilatuetako elurra.

Biga. Hamaika hitz esan eta idatziko dira kantariaz. Nik ezin dut ezer berririk gehitu eta, horrelakoetan gertatzen denez, gehiago hitz egingo dut nitaz berari buruz baino. Zein izan den Mikel niretzat, eta, nik uste, gure belaunaldiko zati handi batentzat. Aurtxo Txikia bezalako sehaska kantuekin hasi ginen ibiltzen. Ikastolan ikasiriko lehen kantuetarikoa izango zen. Baga biga higa. Eta badu meritua. Gerora batek daki zenbat kanon saio eginak garen Txoriak txorirekin. Eta hau horrela ez bazan, sartu dadila kalabazan, ipuin txit barregarriak kontatu nituen plazan.

Higa. Nerabetasuna heldu zen ondoren. Eta sasoiarekin baita haustura ere. Ordura arteko guztiaren haustura nahia-edo. Mikelekin batera Ez dok amairu sortu zuen. Benitok kantatu bezala, agian gurasoen mundu aldrebes hau onartu nahi ez genuelako. Ispilatze hutsa. Besterik ez. Punk eta rock kantuen artean berriro egin baikenuen topo Mikelekin. Negu Gorriak, Su ta Gar, Dut, Etsaiak, Zea Mays… hamaika taldek moldatu dituzte bere kantuak. Eta gu, koittaduak gu, haize hotzeko lurrera biluzirik heldu ginenaren ustearekin.

Laga. Mundua jan nahi duenaren inozentzia. Zertarako jan aldatu badaiteke? Sinpletasunaz arketipoak nola hautsi erakutsi digu. Abangoardista ausarta. Eta «gure» belaunaldiko musikak mirestu eta errespetatu dituen bezala, herriak ere hala egin du. Euskal memoria kolektiboan pausaturik, bere boza, herri memoriaren kataia bilakatua da. Konta dezagun batera, apur ezin daitekeen katea.

Boga. Orain Laboista mordoa irtengo da, baita harri azpietatik ere. Eta harririk bada, horiek kartzeletako murruetakoak dira. Ni zera esatera ausartuko naiz. Kartzela aldaketa edo maketaren batetan zaindarien esku erori ez badira, euskaldunik preso den espetxean Mikelen kasete, CD, kanturik ere badela. Ziega, hormigoizko ziega, etxe txikiegia zara, gogorra, hauskaitza, lau hormetako…

Sega. Eta azkena. Ezinezkoa izango da, kea kaiolan giltzapean mantentzea bezala, Mikelenak ahaztea. Lasai bitez bere garaikideak, gazteok altzoan daramatzagu artistaren ekarpenak. Esentzia, ondarea. Eta dabi doba tzei ñeii… Der Tod ist ein Meister.

2008ko abenduaren 1a. Ocañako presondegian.

Donostiako HITZA.

www.berria.info/dokumentuak/dokumentua445.pdf

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Post Navigation