Omenaldia
Donostiako Kantujirak plaka jarri du Mikel Laboaren oroimenez Parte Zaharreko San Juan kalean.
nerea lizarralde (Donostiako Hitza)
Donostiako Kantujira, ohi bezala, Fermin Kalbeton kalean bildu zen atzo eguerdian euskal kantak abesteko. Atzoko kantujira, ordea berezia izan zen, Mikel Laboari omenaldia egin baitzioten.
Omenaldia ez zuten soilik kantuan egin. Abeslari donostiarra Parte Zaharrean jaio zen, San Juan kalean eta Donostiako Kantujirak plaka jarri zuen bertan, bere oroimenez.
Urtarrilean egindako kantujiran Fermin Kalbetonetik San Juan kalera joan ziren Mikel Laboaren abestiak kantatzera. Oraingoan, plakarekin itzuli dira leku berara.
«Kantuz egin dezaten nitaz oroitzean. Hemen jaio zen Mikel Laboa Manzisidor artista handia. 1934-2008» dio Laboa jaiotako etxean jarritako eta Donostiako Kantujirak sinatutako plakak. Esaldia Laboaren Kantuz abestitik hartuta dago.
Jende andana bildu zen Laboaren omenezko ekitaldian. Artistaren senitartekoak bertan izan ziren eta beraiek inauguratu zuten plaka. Momentu hunkigarriak bizi zituzten. Laboaren Martxa baten lehen notak, Kantuz eta Txoria txori abesti ezagunak interpretatu zituzten. Azken kanta gainera, txistularien laguntzarekin abestu zuten.
DV. Mikel Laboa zenari harrizko oroigarria ipini zioten atzo, jaio zen etxean, Donostiako San Juan kalean, orain San Bizenteko parrokiakoa den etxe batean. Hilean behin, larunbat batean, kalerik kale abestera ateratzen diren Kantu Jira ekimeneko kideek jarri zuten oroitarria, eta hau dio: «Hemen jaio zen Mikel Laboa. Artista handia». Eta bi esaldi horien azpian, artistak kantatu ohi zuen kantu ezagun bateko pasartea: «Kantuz egin dezaten nitaz oroi-tzean»; Joxe Mendiage baxenafar bertsolariaren esaldia, alegia. Eta horrez gain, txori baten irudia.
Kantuz hori, Joxe Mendiagek jarritako bertso batzuk dira. Baxe Nafarroako bertsolari hau Uruguain bizi izan zen urte askoan eta hantxe hil zen 1937an. Bertso horietan zera zioen Mendiagek, bera kantuz bizi izana zela eta, hiltzean, nahi lukeela adiskideek kantuzko despedida egitea. Oroitarrirako aukeratu den esaldi horrek, kantu osoak bezalaxe, idazkera asko ezagutu ditu.