Asko hitz egiten da independentziaz, eta helmuga horretara iritsi nahi duenak badaki bidea langaz betea dagoela. Bide horretako oztopoez, aukerez, eta kontraesanez, aldiz, gutxi hitz egiten da. Hori da orrion helburua, horietan sakontzea. Egoera aldatzen ari da Europan, hor dira Kataluniako eta Eskoziako kasuak, eta Euskal Herriari ere zabal dakioke bere leihoa. Euskal independentismoa zertan den aztertzeko elkarrizketatu dugu Mario Zubiaga, EHUko Euskal Nazionalismoari buruzko Masterraren burua.
«Ezin da ahaztu foruena derrigorrezko harreman bat bideratzeko modua dela, baina horrekin derrigorrez jotzen duzu harreman hori Espainiarekin dela, eta aldebikotasuneko harreman bat egon behar duela»
«Bai, posible da EAEk independentzia bakarrik aldarrikatzea, Nafarroa gabe. Independentzia materialaren ikuspegitik kristalizatze maila desberdinak daude eta posible da lurraldeen arabera hainbat lorpen maila izatea»
«ETAren armak eta desegitearen gaia: aldebakartasunean sinesten baduzu, zuk armak herriari entregatu ahal dizkiozu –modu sinboliko edota materialean–»
Abertzaletasunean serio hartzen al da independentziaren ideia?
Agenda arazoa dago hor eta familia abertzaleko bi korronte handiak beste gai batzuk jarri dituzte independentziaren aurretik. Ulertzekoa ere bada, ziklo luze batetik gatoz eta beste batera pasatzen ari gara, eta trantsizio fase batean gaude. Agian sei hilabete barru bai, batek daki, baina hau ez omen da estatugintza, naziogintza eta herrigintza jorratzeko unea. Ezker abertzalearentzat garrantzitsuena da aurreko gatazka ziklo hori behar bezala konpontzea; hau da, akordio zabalak, elkarrizketa, kontsentsua, PSErekin eta EAJrekin bederen akordio batzuk lortzea gai horretan… Filosofia hori dago eta hau aurrera ateratzeko ez da Estatuarekiko harremana tenkatzea komeni, Katalunian bezala, horrek ez du konponbidea errazten.
EAJren kasuan, Lizarra-Garazitik aurrera egindako ibilbidea dela eta, badu trauma historiko bat: alderdi barruan arazoak izan zituzten, Ibarretxeren plana gaizki bukatu zen eta, gainera, gobernutik kanpo geratu ziren. Hori guztia bizi izanda, orain ez du arriskatzeko gogorik, eta euskal estatuaren aldeko hautua egiteak esan nahi du politikoki arriskatu behar duzula, horrek polarizazio egoera gogor bat dakarrelako. Gainera, inguruko gertaerek ere eragiten diote eta EAJk beldur dio Artur Mas-en sindromeari.
Orduan, logikoena da pentsatzea EAJ kudeaketaren eszenatoki horretan mugituko dela, baldin eta, adibidez, Madrilen zentralismo zorrotzak beste zerbaitetara behartzen ez badu.
Kontua da, ea bide hori zein neurrian den baliagarri gaur egun autogobernuan edo estatugintzan aurrera egiteko. Egungo euskal eszenatokiak, kudeaketa hutsean oinarritzen denak, badu abantaila bat eta zera da, Estatuan Katalunia doala aurretik independentziaren bidean, eta beraz, Estatuari ez zaiola interesatzen bigarren fronte bat zabaltzea eta Euskal Herriarekin abegikorragoa izan daitekeela. Sinesten baduzu bide horrek gaur egun balio duela estatugintzarako –nik ez dut sinesten–, une honetan agian eman daitezke aurrerapausoak estatutua betetze bidean edo –EAJk nahi duena– xedapen gehigarrien bidez etorriko diren lege zentralizatzaileak hemen aplika ez daitezen.
Eszenatoki mugatu horretan, EAJk badu eroso mugitzeko aukera eta ondo mamitua du zirrikitu horrek uzten dion marko diskurtsibo orokorra, hau da, ikuspegi forala eta eskubide historikoen bidea. Azken fase historikoan, EAJren barruan tentsioan dira bi ideia: batetik, eskubide demokratikoa, herri honek erabakitzeko duen eskubidea; eta bestetik, eskubide historikoak, foru eskubideak, eta horiek buruz buruko harremanetan jartzen zaituzte Espainiarekin. Ezin da ahaztu foruena derrigorrezko harreman bat bideratzeko modua dela, baina horrekin derrigorrez jotzen duzu harreman hori Espainiarekin dela, eta aldebikotasuneko harreman bat egon behar duela. Hortik dator “ez inposatu, ez eragotzi” Josu Jon Imazen esamolde hura. EAJren norabidea hori izango dela dirudi.