Andres Krakenberger, Juan Ibarrondo, Olatz Landa eta Izaskun Alonso I Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkartea
Bada, mundu oro ez da biktima, ez; bai, ordea, pertsona oro, bizitzarako eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubideak urratu zaizkionean. Hemen eta mundu osoan, topikoen mundu zaharkituan izan ezik
Asko dira giza eskubideen arazoak arinkeriaz hartzeagatik eta horien aurka eraso egiteagatik baztertu beharreko topikoak.
Aspaldi honetan gehien erabilienetako bat da ETAren biktimak eta gainerako biktimak ezin direla parekatu, parekaezinak direlako. Topikotzar horren atzean dagoen argudioa da beste biktima batzuk onartzean terrorismoa legitimatzen dela. Baina beste biktima batzuk daudela onartzea, giza eskubideen inguruko nazioarteko hainbat hitzarmenetan ezarritako betekizunak betetzea baino ez da, eta hitzarmen horiek ezer edo inor legitimatzekotan, Zuzenbide Estatua legitimatzen dute, eta ez terrorismoa.
Letania hori, gainera, jasanezina egiten da, egunera arte inork ezin izan duelako azaldu zertan datzan parekatze hori, giza eskubideen urraketa pairatu duten biktima guztiek egia, justizia eta ordaintzarako eskubidea dutela ezartzen duelako nazioarteko zuzenbideak; eta agerikoa da egia, justizia eta ordaintzarako neurriek biktima bakoitzaren eta bere zirkunstantzien araberakoak izan behar dutela. Beraz, zertan datza parekatzea?
Topikotzarra indartu ere, indartu da, adibidez, Euskadin torturaren biktimak aitortzerik ez dagoela esanez; izan ere, ez dago praktika hori justifikatzeko arazorik, inork ez duelako torturaren aldeko manifestaziorik antolatu. ETAren aldeko manifesta- ziorik, ordea, egon da, eta beraz, ETA izatea justifikatu izanaren arazoa dago.
Ez dakigu horrekin izurra izurtu gura ala hezeak eta iharrak nahastu nahi diren. Nazioarteko zuzenbideak ez dio mugarik jartzen biktima-eredu bat litezkeen manifestazioen arabera aitortzeari, ezta horiek beste biktima batzuen biktimarioen aldekoak badira ere. Eta akabua dator txibiaren teknikara jotzen denean, den-dena lokaztuz, hau da, terrorista bat lehergailua jartzera doanean eta lehergailuak eztanda egiten dionean pertsona hori biktima den galdetzen denean; edo biktima baten dramaren garrantzia honelakoak esanez lausotu nahi denean: «horrela, bortxakeria baten biktima ere bik- tima dela, eta etxeko indarkeriaren biktimak ere biktima direla aitortu beharko da. Mundu oro biktima da». Ordezkari politiko batek zioen bezala.
Bada, mundu oro ez da biktima, ez; bai, ordea, pertsona oro bizitzarako eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubideak urratu zaizkionean. Hemen eta mundu osoan, topikoen mundu zaharkituan izan ezik.
Zeresanik ez dago indarkeria matxistaren edo genero-indarkeriaren biktimek -eta ez etxeko indarkeriarenek (asmo txarreko beste akats bat)- giza eskubideak urratuta izan dituzten beste biktima batzuen egia, justizia eta ordaintzarako eskubide berberak dituztela. Hala ere, indarkeria hori eraso fisikorik nabarmenetara mugatzen dela uste ohi da. Hedabide batzuek «genero-indarkeriaren beste biktima» batez hitz egiten dute, eraildako emakume baten berri ematerakoan. Egia izanda, ikusezin bihurtu ohi diren jokabide kaltegarri andana dagoela «icebergaren punta» horren azpian, eta horien artean, indarkeria psikologikoa edo sexu-indarkeria, epe luzera ondorio suntsitzaileak izan ditzaketenak, alegia.
Gainera, biktimen eskubideak gauzatzeko sarbide bakarra salaketa dela hartzen da abiapuntutzat. Jarrera horretatik, gobernuak eta administrazioak ez omen dira konturatzen emakume gehienak ez salatzera eramaten dituzten zailtasunez, eta bereziki, arauz kanpoko egoeran dauden emakume adindu edo etorkinen kasuan. Ez bide dute aitortzen prozesu judizialak biktima horientzat suposatzen duena, sarritan inolako emaitzarik gabe amaitzen baitira, eta baita artxibo, absoluzio eta aurkako salaketez ere. Mito hori Estatua eta epailea eta polizia parekatzeko ikuspegi erredukzionistatik dator. Hartara, eraildako emakumeez aritzean lauk «bakarrik» salatu dutela esaten denean, honakoa galde daiteke: osasun-zentro batera jo zuten, non hauteman ahal izan zen egoera? Ba al zuten seinalerik eduki zezaketen eskola-adineko seme-alabarik? Jarri al ziren gizarte-zerbitzuekin harremanetan?
Azkenik, krisi garaian, eskubide sozial eta ekonomikoak ere bizigarri dira horrelako toki komunetan. Eta esparru horretan ere salbuespena arau bihurtzeko teknika baliatzen da.
Baztertu beharreko topikotzarrik deitoragarrienetako batek dio txiroak nahi dutelako direla txiro, alferrak direlako eta nahiago dutelako gizarte-laguntzez bizi beren lanaz baino. Baina ez da enplegu falta aipatzen, eta horrela gizarte-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak errudun bihurtzen dira beraiek sortu ez duten arazo batengatik. Eta hortik areago goaz: iruzurra orokorra da gizarte-laguntzak kobratzen dituztenen artean eta ez dago ekiditeko behar adina kontrolik. Kontrolak egoteaz gain, administrazioek laguntza horiek jasotzeko gero eta zailtasun gehiago jartzen dituzte.
Eta hortik gizarte-laguntzak ekonomiarentzako oztopo izatera pasatzen dugu, horiek askoz txikiagoak direnean, adibidez, bankuei emandakoak baino. Eta bitxietan bitxienak: gazteak abentura bila joaten dira atzerrira lanera eta iraupen luzeko langabeak «ohitura txarrak» hartzen dituztelako dira iraupen luzeko langabe. Pertsona langabeak «heldutasunaz gabetzen dituzten» topikoak. Atzerritarrak guri lana eta laguntzak kentzera datozela dioen mito faltsuak euren eskubide sozial eta ekonomikoak urratzeko aitzakia bezala erabiltzen den moduan.
Topikotzarrek arinkeriaz azaltzen dute errealitatea eta boterearentzat deserosoak diren errealitateak ezkutatzeko erabiltzen dira. Horrela, diskurtso politikoa larriki galbideratu eta egiazko arazoentzako konponbideak aurkitzea zailtzen dute. Baina, nagikeria akritikoaren erabilera sustatzen duenaren aurka egiteko hezkuntza behar da, kalitatezko… eta murrizketarik gabeko hezkuntza, hain zuzen ere.